XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Edo bere amagiarreba. Hor zeudek Lore eta Emiliana ere. Aiurri interesgarriak, entzun dudanez.

Dena dela, diru gutiagogatik ere ama edo aita hiltzea gertatu izan duk.

Zein asmo duk orain?

Betikoa: galdetu, entzun, arakatu.

Ez zegok hutsik egiten ez duen gaizkilerik.

Begiak erne izan behar. Ikusi eta ikasi.

Pentsa eta ondorioak atera.

Eta hasteko, galdera batzu hiri.

Amak ostiralean telefonoz biharamunean Lorategira joateko dei egin ziola esan zidak niri Ikerrek, baina zertarako zen esan gabe.

Egia ote?

Humm... erantzun zion lagunak buruari eraginez.

Errosario ez huen izikor horietakoa.

Halare, esaerak dioen bezala, nemo mendax nisi probetur.

Beno, dena dela hor ez zegok koxkarik.

Ikerrek beste zerbait ere esan zidaan: amak lehenago ez zuela berarekin testamentua egin nahi izan.

Nola deitu zuen bada orain bigarren testamentu hau egiteko?

Nik ez zekiat, baina gauza bat bururatzen zaidak.

Niri andere Errosariok berak esan zidanez, garai hartan bere errainarekin haserre omen zegoan eta beste notari batengana jo omen zian.

Ba litekek orain orduko haserreaz ahaztuta egotea eta testamentua aldatzea garrantzi haundiko zela eta, gauzak bere semearekin garbi garbi utzi nahi izatea.

Ez zitzaion Bidarti erantzun txarra iruditu.

Gainera berak ere aurretik jasoak zeduzkan berriekin bat zetorren.

Eta hik zer uste duk: testamentua aldatzeko asmotan zegoela esan bazion ere, esan ote zioan zein asmo zuen, hiri diruketa hori ematea, alegia?

Horri erantzutea are zailago duk.

Agian bai, agian ez...

Eta esan bazion, Ikerrek berak bere anaiari kontatu ote zion?

Hara beste galdera... hik, Euskal Herriko detektiberik ospatsuenak askatu beharko duena.

Ez zuen bukatu.

Eskilaretan kriski kraska bat entzun zen eta Don Frantziskok lagunari isiltzeko keinu bat egin zion.